XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alegia, nola idatzi behar genuke:

Toki Entitateen Antolakuntzari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko legea ala Toki Entitateen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko Legea?

EGLU IV liburuan esaten den bezala, ezkerrean izenlaguna eramateak asko errazten du izenak juntatzea, eta ez kasu-sintagmak.

Beraz, goiko bi aukerak dira zilegi.

Delako arauak, bertzalde, juntagaia izena + adjetiboa + adjetiboa denean ere balio du?

Erran nahi baita: Sección de Gestión Técnica y Administrativa izenekoa zer da, Kudeaketa Tekniko eta Administratiborako Atala, ala Kudeaketa Teknikorako eta Administratiborako Atala?

Hor ere, eskuinean doazen izenondoak zuzenean junta daitezke.

Beraz, Kudeaketa tekniko eta administratiborako Atala erabat zuzena da.

Araua betetzeak, bertzalde, arazoak sortzen dizkigu itzulpenak hartaratuak izenlagunak elkarren ondoan pilatu behar ditugunean (eguneroko ogia, guk erabiltzen ditugun testuetan ohi den hizkera bihurriaren ondorioz).

Eta arazoak diogu, ulermen aldetik testuak ilun samarturik gelditzen baitzaizkigu.

Konparazione, emandako arauari jarraituz: Langileriaren Kudeaketarako eta Administraziorako Atala berdin izan daiteke: Sección de Gestión de Personal y Administración edo Sección de Gestión y Administración de Personal.

Aldiz, Langileriaren Kudeaketa eta Administraziorako Atalak zilegia balitz, ordain bakarra izanen luke erdaraz: Sección de Gestión y Administración de Personal.

Lehen esan bezala, Langileriaren Kudeaketa eta Administraziorako Atala zuzena da euskaraz.

Baina ohart gaitezen, erdaraz ere Sección de Gestión y Administración de Personal esatean ere badela anbiguotasuna, de Personal izenlaguna bi izenei, Gestión y Administración, ala bigarrena bakarrik, Administración dagokion jakiterik ez baitago.

Gertatzen dena da erdaraz ohituak gaudela eta ez dugula anbiguotasunik ikusten.

Euskaraz ere berdin jokatzen ikasi beharko genuke.

Berdintsu gertatzen da kasu honetan: Segurtasuneko Ikerketaren eta Ikasketen Atala.

Hala behar luke, behintzat, Euskaltzaindiaren azken erabakien ariora.

Alabaina, nola jakin kasu horretan Segurtasuneko hori ikerketari soilik dagokion ala ikasketei ere?

Modu bakarra erdarazko izenari begiratzea da: Sección de Estudios de Seguridad y Formación.

Segurtasuneko Ikerketa eta Ikasketen Atala jartzeak ez luke konponduko hemen azaltzen den zalantza.

Bestalde, erdal izena ere anbiguoa da: nola ulertu behar da, Estudios de Seguridad y (de) Formación, ala Sección de Estudios de Seguridad y Sección de Formación?